Aitasantutzak jatorria Jesukristorengan dauka

Corazón EGUIAJesusek berak sortutako elkarte edo Elizaren buru San Pedro, bere apostoluetan lehena, izendatzen duenean. Beraz kristautasunaren zenbait adarrek erran dezaketenaren kontra Jesus, Jainko eta Gizon, Mesias, munduaren eroslearen borondatea izan zen berak sortutako mugimenduak buru bat izatea. Mateoren ebanjelioak honako hauxe erraten digu (Mateo 16,15-19):

Jesusek galdetu zien:

-Eta zuek, nor naizela diozue?

Simon Pedrok erantzun:

-Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea.

Orduan, Jesusek esan zion:

-Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik. Eta nik hau diotsut: Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza; eta herioaren indarrak ere ez du menderatuko. Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut; zuk mundu honetan lotua zeruan ere loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua zeruan ere askaturik geldituko da.

Ederrak bezain adierazgarriak dira Jesusen hitzak. Jonasen seme Simoni izena aldatzen dio eta Harkaitz izena eman, Jesusek berak sortutako etxe baten giltzarria edo oinarria balitz bezala. Grekozko Petros izena arameerazko Kefas (harkaitz) hitzaren itzulpena da. Aurrez ez zen izen propio bezala erabiltzen, eta I.B.an Jesusek Pedrori ezarritako izen berria bezala bakarrik erabiltzen da. Jatorrizkoan hitz-jokoa dago Petros izenaren eta petra (harkaitz) hitzaren artean; euskaraz, Harkaitz zara zu, eta harkaitz horren gainean… esango bagenu bezala.

Hau erranez Jesusek Pedrori zerurako bidea erakusteko gaitasuna eta boterea ematen dio Betsaidako arrantzaleari, Berri Onaren benetako maisu eta aplikatzaile izateko, bere Elkartea antolatzeko eta mugatzeko, arautzeko beti ere Kristoren izenean egiten duelarik lurrean egindakoa zeruan ere egina izango delako. Momentu honetan Jainkoaren semeak Simon, Galileako arrantzale xume bat, bere ordezkari izendatzen du.

Jesusek izendapen hau Feliperen Zesarea izeneko herri batetan egin zuen apostolu guztiak aurrean zeudela. Horrela bada Jesusen ikasleek ere segituan onartu zuten Pedro haien artean buruzagi bezala. Itun Berritik pasarte desberdinak atera genitzake oraintxe errandakoa apostoluek benetan bizi zutela adierazteko, hau da, Pedro lidertzat onartzen zutela adierazteko. Ederrenetako bat eta agian sinpleena ere bai San Joanek kontatzen digu bere ebanjelioan eta ondoko hauxe da (Jn 20,1-8):

Asteko lehen egunean Magdalako Maria hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen. Orduan, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana (San Joan bera) itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini duten. Irten ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea eta hilobirantz jo zuten. Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez zen sartu. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro eta sartu zen hilobira. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; baina hau ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean aparte bildua baizik. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen.

Pasarte honek garbi adierazten du San Joan bezalako apostolu batek, Jesusen ikasle maiteenak, Pedroren buruzagitza onartzen duela. Hilobira lehenago ailegaturik atean itxaron eta Pedro iritsi eta sartu arte ez da bera ere sartzen. Errespetuzko keinu aparta da, nolabait Joanek Jesusek ezarritako mailakatzea erabat onartua daukala adierazten du.

Apostoluen Eginetara jotzen badugu bertan ikusiko dugu Pedrok daukan pisu eta garrantzia erabatekoa dela, Judasen ordezkoaren hautaketa antolatzen duena bera da, beti agertzen zaigu apostoluen bozeramaile bezala, bereak dira jendaurreko hasierako hitzaldi gehienak, bera da Joanekin batera atxilotzen dutenean Anas eta Kaifasen aintzinean solasean ariko dena.

San Paulo agertzen denean ere eta Elizari bere ekarpena egiten dionean Pedro izanen du aurrez aurre eta ez beti Tarsoko misiolariaren iritziekin ados. Hemen ere erran dezakegu Paulok Pedro ez zuela inoiz Simon deitu baizik eta Cefas (hau da, Pedro Arameeraz), datu hau ere Pedroren maila ulertzeko nahiko adierazgarri suerta daiteke.

Laburbilduz erran genezake nahiko garbia dela Simon Pedrok lehenengo krsitau elkarte hartan izan zuen agintaritza eta postua.

Aita Santuaren asmoak 2013ko apirilerako

OROKORRA Fedearen ospakizun publikoa eta otoizlaria sinestunentzako bizi-iturri izan dadila.

MISIOETAKOA: Misio lurraldeetako tokiko Elizak itxaropenaren eta berpizkundearen ikur eta tresna izan daitezela.

Comparte este texto en las redes sociales
Esta web utiliza cookies propias y de terceros para su correcto funcionamiento y para fines analíticos. Contiene enlaces a sitios web de terceros con políticas de privacidad ajenas que podrás aceptar o no cuando accedas a ellos. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Ver
Privacidad